Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko eskaerarekin bat egin zuten ehunka herritarrek

2022/01/10
Card image cap
Mirentxin gidari taldearen lana eskertu zen

  Ehunka herritarrek bat egin zuten, elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lemapean Sarek deitutako manifestazioarekin, Eltziatik plazarainoko tartean, larunbat arratsaldean. Amaierako ekitaldian gogora ekarri zen presoak Euskal Herrira hurbiltzeko egon diren leku aldaketak eta Cordoba, Almeria edota Pontevedrako espetxe urrunetan ez dagoela euskal presorik jada. Leku aldaketa horiek Mirentxin gidari taldearen jarduera amaitzea ekarri dutela gogoratu zen. Asteburutan presoak bisitatzera zihoazen senide eta lagunei bidaietan laguntzen zieten Mirentxin gidariek. Halako lanetan aritu diren boluntarioen lana eskertu zen.

  Ondoren irakurri zen idatzian, Euskal Herri osoko mobilizazioetan irakurri zenean, aipatu aldaketa zantzu horiei erreferentzia egin zitzaien berriro baina euskal presoen erdiak Euskal Herritik kanpora jarraitzen dutela eta legez dagozkien hainbat onura sistematikoki ukatzen zaizkiela adierazi zen. Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uztea eskatu zen, elkarbizitzarako, bakerako eta presoen etxerako bidea erraztuko duen espetxe politika berri bat eskatuz. Horretarako pausoak elkarrekin ematen jarraitzeko gonbidapena luzatu zitzaien plazan elkartu ziren ehunka herritarrei.

  Amaieran, egun preso dauden bi oñatiarrak gogoratu ziren: Joseba Arregi eta Gotzon Telleria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!